Funtsak
Artxibo hau Gipuzkoako Lurralde Historikoaren erakunde diren Batzarre eta Aldundiek sortu edo jasotako agiriez dago osaturik; XV. mendetik XX. mendearen amaiera arteko agiriak hartzen ditu barne, eta zabalik dago erakunde horietatik datozen agiriak jasotzeko.
Gai eta mota askotako agiriak dira, erakunde horiek mendez mende izan dituzten zereginak eta jarraitasuna ere halakoxeak izan baitira: aktak, ordenantzen koadernoak, foru bildumak, aurrekontu eta kontuak, probintzi-arielak, kaparetasunen irizpenak eta baita espedienteak ere. Azken horiek ongintza, probintzia, nekazaritza eta basogintza-lanenak, soldadutzarako salbuespenenak eta zenbait eskola eta kultur erakunderi emandako laguntzen gaineko espedienteak dira.
Horrez gain, funts horretan bertan dago Irungo pasabideko kontrabandoa zaintzeko ardura zuen erakundearen dokumentazioa, Esportazio-Alkatearena, alegia. Erakunde hori Probintziaren menpe zegoen 1475 urteaz geroztik, betiko saria zela medio.
On-line kontsulta: Aintzinako sekzioa
Artxibo hau korrejidoreak gobernu eta justizi zereginetan sortu edo jasotako agiriez dago osaturik. Jakina denez, korrejidorea erregeren ordezkaria zen Gipuzkoan. Agiriak XVI. mendetik 1841. urtean korrejimendua kendu artekoak dira.
Gipuzkoako Artxibo Orokorrera (AGG-GAO) 1907an ekarri zituzten; aurrez, Foru Aldundiaren jauregian, Donostian, eta Azkoitiko zenbait lekutan egon ziren sakabanatuta.
Justizi zereginen inguruko agiriak korrejidoreak lehen edo bigarren instantzian aztertutakoak dira: auzi zibilak, ondasunen exekuzioak, hartzekodunen konkurtsoak eta auzi kriminalak. Gobernu zereginei buruzko agiriak, berriz, korrejidoreak Gipuzkoako udal ogasunen gain zeukan eginkizun fiskalizatzaileaz sortutako espedienteak dira: zentsura espedienteak, kontu likidazioak, etab.
On-line kontsulta: Auzi kriminalak, auzi zibilak eta auzi exekutiboak.
Tolosako notari barrutiko protokoloak
Gure artxiboan dira Tolosako notari barrutiko protokolo notarialak, hau da, izkribauek eta notarioek XVI. mendearen hasieratik baimendutako jatorrizko izkribuen bilduma ordenatuak. Ehun urte betetzen dituzten protokoloak jasotzen ditugu urtero fondo horretan.
Protokolo hauek AGG-GAOn gordetzen dira 1908az geroztik. Gainerako notari-barrutietakoak (Azpeitia, Bergara eta Donostia) Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan (AHPG-GPAH) gordetzen dira, Oñatin, 1942an artxibo hori sortu zenez geroztik.
On-line kontsulta: protokolo guztiak eta aurkibideak
Bestelako artxibo eta bildumak
Aipatu ditugun funts handi horiez gain, AGG-GAOk bestelako funtsak ere gorde eta zaintzen ditu, Gipuzkoako erakunde eta pertsona publiko nahiz pribatuen artxibo eta agiri bildumak, alegia:
Tresna deskribatzaileak
Oro har, Gipuzkoako Artxibo Orokorreko (AGG-GAO) funts guztiek beren tresna deskribatzaileak dituzte; horien artean, ondorengo hauek daude argitaraturik:
– MUNITA, Juan José: Índice de los documentos y papeles del Archivo General de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa existente en la Iglesia Parroquial de la M.N.L. y V. Villa de Tolosa. San Sebastián, 1887.
– Archivo del Antiguo Corregimiento de Guipúzcoa. 18--? (Ignacio José de Lecuonaren eskribautzako auziak bakarrik)
– AROCENA, Fausto: Los protocolos guipuzcoanos. San Sebastián, 1947.
Gainera, gida gisa erabiltzen ditugu Jose Berruezoren Historia del Archivo General de Guipúzcoa (1953), eta 1530–1990: Batzarre eta Aldundietako Artxibategitik Gipuzkoako Artxibategi Orokorrera = 1530–1990: De Archivo de Juntas y Diputaciones a Archivo General de Gipuzkoa (1990), AGG-GAOko teknikoek egina.
Azken urte hauetan artxiboa zeharo murgilduta dago artxibozaintzako deskribapena normalizatzeko abian den nazioarteko prozesuan. Gaur egun, deskribapenak egokitzeko lana, ondoko arau hau betez egiten ari gara: ISAD(G): Norma Internacional General de Descripción Archivística, espainierazko behin betiko bertsioa, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak 2000. urtean argitaratua.