gipuzkoakultura.eus

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
2024ko abenduak 2, astelehena

Síntesis de Historia de Gipuzkoa liburuaren aukezpena

Aurrehistorian zehar, Gipuzkoa bidegurutze dinamikoa izan zen. Historialariek Euskal Herriaren ustezko isolamendua eta bere populaketaren kontserbadurismoa ezeztatu dituzte. Horren adibide argia aztarnategietan agertu diren suharriaren jatoria dugu: Urbasa, Ebro arroa, Salies-de-Bearn edo Landasetako Chalosse.

Antzinaroan Erromatarren presentzia ukaezina da. Arkeologiari esker erromanizazioaren eraginaren ezagupen zehatzagoa dugu, nahiz eta gurea ez izan Erromanizazioa gehien jasan zuenetariko lurraldea. Aitzitik, ezin dugu jakin bertako biztanleek Erromaren alde egin edo borrokatu ote zuten. Dena den, Gipuzkoak Erromaren beharrei nola egin zien aurre da, egun, historialariei eta arkeologoei benetan interesatzen zaiena.

“Gipuzkoa” hitzak Erdi Aroan ikusi zuen argia, hain zuzen ere 1025ean. Historiografiak eztabaida sutsua izan duten gaietan aurrera egin du azken urteetan: Izurrite Beltzaren eragina, baserriaren jatorria, parroki sarearen hastapenak, Gipuzkoaren konkista edo inkorporazioa 1200ean, hirietako eliteen garaipena eta Ahaide Nagusien ustezko porrota, edota Kaparetasun Unibertsalaren sendotzea. Azken urteetan, arkeologiak Goi Erdi Aroaren ezagupen hobeagoa baliatu du, kontuan izanik garai horretako dokumentazio gutxi geratu dela.

Gipuzkoa buru belarri sartu zen Munduko Lehen Globalizazioan XV. mendetik aurrera, Hispaniar Inperioa sustatu eta bultzatuz. Horrela, Gipuzkoak, Hegoaldeko beste euskal probintziek bezala (Araba eta Bizkaia) soldaduekin, hornigaiekin eta armekin lagundu zuten Nafarroako 1512ko konkistan. Egun, badakigu Gipuzkoak ez zuela XVII. mendeko krisialdia gogor pairatu: Hotzaldi Txikiak euskal lurraldeetan 1560-1630 eta 1690-1730 bitartean eragina izan zuen arren, XVII. mendea birmoldaketa, egokitzapena eta aldaketa garaia izan zen: lan zatiketa berria eta dibertsifikazio eta espezializazio prozesuak eman ziren, besteak beste, Amerikatik iritsitako artoaren hedakuntzari ezker, zeinak krisialdi demografikoei bukaera eman zien.

XIX. mendeak Gipuzkoaren industrializazio eta modernizazio prozesua ikusi zuen, barne gatazka eta gerra zibilen gainetik. Horretan ere lagundu zuen gipuzkoarrek garaiko zientziari eta teknologiari egindako ekarpenak. Aurrerapausu horien aurrean “tradizio” bat asmatu, mantendu eta elikatu zen, euskal kulturaren eta izatearen arketipoa sortuz: txapela, abarkak eta brusa benetazko gipuzkoartasuna eta euskalduntasunaren ikurrak bihurtu ziren orduan. Tamalez, oraindik ere jende askok uste du hori dela ia Antzinarotik euskaldun eta gipuzkoar egiten gaituena.

Bukatzeko, Gipuzkoako historiaren azken atala Frankoren diktadurak eta Transizioan zehar gertaturiko mota ezberdineko biolentziek markatu dute. Gure historia, momentuz, bi mugarriekin bukatu dezakegu: ETAk borroka armatuari amaiera ematea eta Donostia 2016an Kultur Hiriburua izatea.

Álvaro Aragón: Edizio koordinatzailea

 

Atzera itzuli

 

 

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2020 Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.eus. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.eus