gipuzkoakultura.eus

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
2024ko martxoak 28, osteguna

Fermín Lasala Collado, Mandas eta Villanuevako duke konsortea

 

 

Biografia laburra

Fermín Lasala y Collado Donostian jaio zen, 1832. urtean. Aita zuen Fermín Lasala Urbieta, Donostiako merkatari eta negozio gizona, eta ama, berriz, Rita Collado, Kantabriako merkataritza etxe ahaltsuenetako baten oinordekoa

Baldintza ekonomiko ezin hobe horiek oso ondo aprobetxatu zituen Fermín de Lasala y Colladok. Merkataritza gizon gisa, 1855. urtetik, areagotu egin zuen gurasoengandik jasotako fortuna. Nazioarteko trama finantziero konplexu bat osatzera iritsi zen (trenbideak, hainbat produkturen fabrikazioa, siderurgia, meategiak…), harremanak zituena nazioarteko trust handiekin, hala nola Rotshildarrak.

Zalantzarik gabe, lanbide horretarako, oso garrantzitsua izan zuen jasotako prestakuntza unibertsitario bikoitza (Jurisprudentzia eta Letrak, Madrilgo Unibertsitate Zentralean. Politikan, karrera luzea egin zuen: bere sorterriko probintziako gobernuan hasi zen (1863. urtean, diputatu nagusia izan zen), eta Madrilgo gobernuan goi mailako postuak lortu zituen (1857. urtean hasita, Gipuzkoako diputatua izan zen hainbat legealditan; gero, biziarteko senataria; Sustapeneko ministroa, 1879 eta 1881 bitartean; Parisen enbaxadorea, bi alditan –1890etik 1982ra eta 1895etik 1897ra–; eta ahal osoko ministroa, Londresen, 1900 eta 1905 bitartean. Karrera politiko luze horrekin batera, historialari gisa ere lan intelektual garrantzitsua burutu zuen; askotan, bere gorabehera politiko propioak idatzi zituen. Hala gertatzen da La última etapa de la unidad nacional izeneko lanean: 1876an indargabetutako euskal foruen defentsan egindako lana justifikatzen du, gai hori dela-eta eraso politiko asko jaso baitzituen. Neurri handi batean, ez ziren izan oso justifikatuak, kontuan hartzen badugu ardura handia erakutsi zuela Fermin de Lasala y Colladok bere sorterriaz, Euskal Herriaz, bai euskararen zaintzaz bai horren garapenaz (1904. urtean, lan asko egin zuen Luciano Bonaparteren eskuizkribuak Gipuzkoarentzat lortzeko); Euskal Herriko historia argitze aldera ere hainbat lan egin zituen, La separación de Guipúzcoa y la Paz de Basilea, adibidez; eta bertako ekonomia modernizatzen ere aritu zen, bertako industria garatzen lagunduz eta Gipuzkoa gainerako Euskal Herriarekin, Madrilekin, Parisekin, Londresekin eta abarrekin lotzeko burdinbidea erraztuz, 1865. urtetik aurrera.

Oharraren egilea: Carlos Rilova Jericó, Historiako doktorea

 

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2020 Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.eus. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.eus